La Guipuzcoana autobus enpresak Guztiok Mugituz 2025 saria jaso du bere 100. urteurrenaren urtean

100 urte bete ditugu. Urteurren horrekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailak, enpresak mugikortasun jasangarriarekin duen konpromisoa aintzatesten duen Guztiok Mugituz 2025 saria eman dio. Sariaren banaketa Donostiako Aquariumean izan zen, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputaturen eskutik. Diputatuak nabarmendu zuenez, “La Guipuzcoana bidaiariak garraiatzeko enpresa bat baino gehiago izan da: lurralde kohesiorako eta gizarte ekitaterako tresna izan da”.

Saria Jose Luis Iraetak konpainiako administratzaile eta CEOak jaso zuen, familia jabearen ordezkari gisa. Bere hitzaldian Aldundiaren aintzatespena eskertu zuen, baita “gure aurretik egon zirenen erabakitasuna eta, belaunaldiz belaunaldi, gure enpresan parte hartu duten pertsona guztien entrega” ere. Era berean, gaineratu zuenez, “sari honek amaiera bikaina ematen die 100 urtetan betiere interes partikularren gainetik egon diren ahaleginari, ekintzailetzari eta gainditzeko espirituari, herritarrekiko konpromisoari eta fideltasunari eta Gipuzkoako lurraldearen aldeko apustuari”. 

Aintzatespenaren entrega-ekitaldian mahai-inguru bat egin zen, eta bertan La Guipuzcoana taldeko hiru pertsonak hartu zuten parte: Mariano Echaniz erretiratutako txoferrak; Leticia Ibañez iaz arte gidari eta gaur egun konpainiako Trafiko buruak; eta Amaia Expósito Mantentze lanetako buruak. Elkarrizketan, parte-hartzaileek beren esperientzien berri eman zuten. Esperientzia horien bidez agerian geratu ziren bidaiarien errepideko garraioaren arloan gertatutako aldaketa nabarmenak, erabiltzaileen profil berriak, ibilgailuei segurtasun handiagoa ematen dieten teknologia berrien agerpena, eta ingurumena gehiago errespetatzen duten erregaiak eta sistema jasangarriagoak.